< Back / English - Castellano
Gazta-hezurra / El hueso del queso erakusketa, 2014an hasitako beste proiektu baten ondorio eta jarraipen modura jaio da; Lerro gurutzatuak izendaturiko testu-muraletik. Euskal Herriko mito, sineskeria eta ohituren inguruan egindako ikerketak biltzen ditu honek. Etnografia irakurketetatik abiatuta, interesekoak izan zitezkeen lekuetara egindako bisitek eduki ezberdinak eman dizkidate; hala nola, lekuan-lekuan jasotako kontakizun eta usadioak, gertaera historikoen kronikak eta bestelako narrazio eta edukiak. Elkar gurutzatzerakoan irakurketa ezberdinak sortu ditzakete. Eduki hauetako batzuk lirateke, esaterako, horretarako prestatutako zulo batean burua sartzeko ohitura, objetu pisutsu bat leku batetik zehaztu gabeko beste batera behin eta berriz eramatekoa, hezurrak erlikia modura gordetzekoa, arkaitzak arbitrarioki dinamitaz lehertzearen ekintza, kobak eta bestelako zulo urrun batzuek lotura dutenaren ustea, etab.

Ingurunea sinbolikoki azaldu eta bereganatzeko (edo etxekotzeko) gaitasunetik dator sineskeria eta ohitura hauekiko interesa. Bizirik dauden bitartean, momentuoro moldatu eta eguneratzen dira narrazio eta jardunbide hauek, denboran hedatzen den belaunaldi arteko kate batean. Alabaina, XX. mendeak ekarritako produkzio-ereduen aldaketak, erabateko haustura eragin zuen bizimodu tradizionaletan, katea etenaz. Apurketa horretatik eta mundu haren museifikaziotik aurrera, idealizazio prozesu bat eman zen, ustezko euskal nortasun ezaugarri jatorrizko batzuen inguruko ikuskera esentzialista bat sortuaz.

Kutsu erromantiko horrek erakarpena eta arbuioa sorrarazten dizkit aldi berean. Bikoiztasun hori izan da, hain zuzen, prozesuaren eragile eta bultzatzailea. Erakarpenak eduki horiek hautatzera narama, eta arbuioak nolabait kontra egitera; bestelakotze edo arrarotze bat sorraraziko duten estrategiak bilatuz, beste ikuskera bat eman ahal izateko.

Lerro Gurutzatuak testu-muralerako ikerketan, objetuak eraikitzen hasteko bidea ikusi nuen, testuek eta euren arteko erlazioek iradokitzen zituzten irudietan. Objetu horietako batzuk dira Gazta-hezurra / El hueso del queso erakusketa osatzen dutenak. Alde batetik, buruaren eta garezur-gangaren (bobedaren) formatik abiatuta egindako eskultura serie bat aurkezten da, keinu ikonoklastaz zintzilikatuta. Eta bestetik, bobeda eta arkudun eraikinen irudikapenetan oinarrituta egindako erliebeak, koben barrualdeak ere gogora ekar ditzaketenak. Batera aurkezterakoan, bi bobedon arteko alderaketa bat egin liteke; eraikin edo leize baten barrualdearen eta geure gorputzaren barnealdearen artean.